HANDITAN

 

 

         “HANDITAN zer izan nahi duzu?” Galdera honi erantzunez sortzen da HANDITAN antzezlana.

 

         Jolas modura planteatuta dago neska-mutil eta familiari zuzenduriko antzerki lan hau.  Humorea, musika, kantu, zoramen, eta jolasean oinarritua. Batez ere, neska mutilek hain gogoko duten jokoan: handitan zer izango direnaren jokoan, eta helduen mundua beren ikuspegitik jorratzearen jokoan.

 

         Hiru aktore dira antzezle, bakoitza bere izaera zoro-zoroarekin; eta musikaz eta kantuaz gain, jantzi koloretsu eta dibertigarriak izango dira haurrek lehendabizi ikusiko dutena. Eta hauen eskutik ordu beteko saioan murgilduko dira, bakoitzak zer izan nahi duen jakiten, ikusten, asmatzen edo irudikatzen duten bitartean. Hasi, eta astronauta izan nahitik, suhiltzaile izatera pasako dira. Mediku, ikertzaile, albaitari, kontalari, edo zirkuko artista ere izan nahiko dute.

 

         Bernardo, odol beroko pertsonaiak, astronauta eta baita suhiltzaile edo mediku ere izan nahiko du. Maitanek berriz, kontalari, baina ez ardi kontaketa egiteko, ez! Ipuinak kontatzeko. Eta Katixa gajoa, handitan zer izango den aukeratu ezinik dabil, ba omen daki baina ahaztu egin omen zaio. Gora behera guzti hauen ondoren, Katixak, azkenean, gogoratuko du zein den handitarako nahi duen lanbidea: kantari eta dantzaria. Eta honela amaituko da saioa festa giroan.

 

         Hiru lagun hauek, hain ezberdinak izanik, badute lotura hautsi ezin bat: adiskide izatearena. Eta balore honetan oinarrituta, garatuko dute pailazo koloretsu zoro hauek beren portaera. Ez dira ohiko pailazo klasikoak, inolaz ere, batez ere balore eta portaeretan. Baina pailazo zoro batzuk direnik ezin daiteke uka.

 

         Hiru kide hauen arteko jolasa da historia honen ardatza, baina baita bertsoak, musika, abestiak, eta ipuinak ere ba dute beren txokoa.